Lo último de la escena parkour vasco.
Saltoka, saltoka
Lasterka eta jauzika batetik bestera azkar eta zoli mugitzen dira, aurrean topatzen dituzten oztopoak iaiotasunez gaindituz. Ez dabiltza inorengandik ihesi, ezta inoren segika ere. Parkour zaleak dira, mugimenduaren artistak. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Hormak, hesiak, eserlekuak… oinezko arruntontzat hiriko altzari
eta elementu soilak dira. Traceur izenekoen begietara, ordea, makina bat
aukera eskaintzen duten baliabideak dira: jauzika gainditzeko edo saltoren
bat egiteko abiapuntua, oztoporen bat gainditzeko heldulekua... Parkour
("ibilbide", frantsesez) egiten dutenak dira traceur-ak ("trazatzaile",
frantsesez), "mugimenduaren artea" praktikatzen dutenak. Wikipediari
erreparatuz gero, honako definizio hau topatuko dugu: "hiri edo natur
ingurunean mugitzean datzan diziplina da parkourra, soilik giza gorputzak
eskaintzen dituen aukerekin bidean ager daitezkeen oztopoak (hesiak, hormak,
hutsuneak…) gainditzea bilatzen duena". Definizio zabalduagoak
ere badira, ordea. Dani Sampayo (1982, Irun) traceur-aren web-gunean irakur
dezakegunez, "A puntutik B puntura ahal den modurik azkarren, arinen
eta teknikoenean joaten saiatzen da parkourra". Norberak erabakitzen
ditu abiapuntu eta helmugak, oztopoz beteriko ibilbide luzeak izan nahiz
doitasun jauziak izan. Hartara, kiroltzat baino filosofiatzat hartzen
dute askok. Dani Sampayok berak azaldu digunez, "filosofia bat eta
errutina bat dituen kirola da parkourra". Batzuentzat zaletasuna
eta besteentzat bizitza filosofia, baina norberaren bidea bilatzeko jarduna
beti ere. Errutinatik ihesi, inork aldez aurretik ezarritako bideak saihesteko
praktika. Gainera, ez du araurik, hiru salbu: ez duzu jendea gogaituko,
ingurunea -hirikoa zein naturakoa- errespetatuko duzu, eta ez zara inorekin
lehiatuko.
80ko hamarkadatik
Lisses (Frantzia) hiriko gazte bik, David Bellek eta Sebastian Foucanek,
sortu zuten parkourra 80ko hamarkadaren hasieran. Militar eta suhiltzailea
zen Bellen aita, eta Georges Hèberten Metodo Naturala delakoa erakutsi
zion semeari. Metodo hau, finean, soilik gorputza erabilita oztopo naturalak
gainditzea helburu duen diziplina da, eta armadan erabiltzen zuten. Bellek
hirigunera moldatu zituen irakaspen haiek, eta Sebastian Foucanekin batera
garatuta, parkourra sortu zuen. Dena dela, batez ere Yamakasi. Les samouraïs
des temps modernes (Luc Besson, 2001) filmak ezagutarazi zuen munduan
parkourra. Bertan, Yamakasi izeneko taldearen jauzi eta mugimendu ikusgarriak
bildu zituen Bessonek. Berez, Yamakasi taldeak jauzi eta mugimenduen ikusgarritasunari
ematen dio garrantzia, eta ondorioz, parkourraren jarraitzaile sutsuenek
ez dute parkourtzat hartzen. Izan ere, parkourrak funtzionaltasuna hobesten
du ikusgarritasunaren aldean. Danik dioenez, "indarra, potentzia
eta teknika lantzen ditugunean, mugimendua estetikoa izan dadila ere bilatzen
dugu, baina beti ere mugimendu arina, erabilgarria eta eraginkorra bilatuz,
noski".
Parkourraren nondik norakoak hobeto ezagutzeko, bi traceur-ekin egin dugu
hitzordua: Dani Sampayorekin eta Jonan Nietorekin (Donostia, 1981). Jonanek
bi urte luze daramatza parkour egiten. Bere aldean, Dani beteranoa dugu,
2004an hasi baitzen, Yamakasi filmari esker, eta Euskal Herrian diziplina
honen aitzindaritzat har dezakegu. Yamakasi ikusi, Interneten Frantziako
web-guneetan arakatu, informazioa bildu eta pixkanaka ezagutza eta praktika
garatzen joan zen. Egun, ezaguna da parkourraren munduan, eta parkour
egitetik bizi ez bada ere, lantzean behin sos batzuk irabazteko eta munduan
zehar bidaiatuz hainbat eta hainbat traceur-ekin entrenatzeko balio izan
dio bere esperientziak. Nazioarteko erakustaldietan parte hartu izan du,
baita zenbait iragarkiren grabaketan ere. Izan ere, eskarmentudun traceur-ak
oso estimatuak dira espezialista moduan, iragarkiak nahiz filmak grabatzeko.
Gurean gutxi
Euskal Herrian oraino ez da asko zabaldu parkourra. Nazioartean, Frantzian
indar handia du, baina beste hainbat herrialdetan ere indartu da: Erresuma
Batuan, Finlandian, Errusian, Espainian… Euskal Herrian ez dira
asko parkour egiten dutenak: "Hamar bat-edo izango dira normalki
entrenatzen dutenak; guk ezagutzen ditugunak, behintzat. Jende gehiago
badago, 14-15 urteko gazteak, baina horiek gehiago zaletasun moduan praktikatzen
dute, ez diziplina moduan". Hori ez da Daniren eta Jonanen kasua.
Ia 20 bat ordu erabiltzen dute astean entrenamenduetarako. "Asko
dirudien arren, ez da hala. Lesio batetik irteten ari naiz -belaunean
ebakuntza egin zioten duela gutxi, belaunburuan lesioa izan zuelako-,
eta maila berreskuratzen ari naiz", azaldu digu Danik. Astegunetan
bakoitzak bere aldetik entrenatzen du, eta asteburuetan, ordea, batera
ibiltzen dira Irungo Bentak auzoan. Jende gehiagorekin entrenatzea ohikoa
da parkourrean. Daniren ustez, "adiskidetasuna sustatzen du",
besteak beste, entrenamenduetan askotan laguntza behar izaten delako,
batez ere mugimendu batzuk lantzean. Horrez gain, kontuan hartu behar
da ez dagoela parkourra arautzen duen inolako nazioarteko erakunderik
edo eskola zehatzik, eta horrenbestez, bakoitzak bere estiloa garatzen
duela: “Parkourra desberdina da leku bakoitzean”. Ondorioz,
batzuek besteengandik ikasteko joera handia da.
Praktika zorrotza da parkourra, prestakuntza mental eta fisiko ona eskatzen
duena. Mentala, jauziak egiteko norberaren beldurrak gainditzea beharrezkoa
delako. Fisikoa, aldiz, jauziak eta bestelako mugimenduak egiten ibiltzeko
derrigorrezkoa delako baldintza fisiko onak izatea. Hainbat kiroletako
ezaugarriak batzen ditu parkourrak, eta asko dira bertan landu beharreko
gaitasunak. Azkenean, gorputz guztia erabiltzen dute. Jonanek dioenez,
"lasterka egin, kulunkatu, eskalatu, oztopoak pultsuan igo…
denetarik egiten dugu".
Teknika lantzen
Alderdi fisikoa bezain garrantzitsua da teknikoa, jauziak ondo egiten,
ondo erortzen, gorputza behar bezala baliatzen… jakin behar delako,
kolpe eta lesioak saiheste aldera. Hala, mugimenduak errepikatu eta errepikatu
aritzen dira entrenamenduetan, nahi dutena lortu arte. Beti dago zer ikasi.
Mugimendu ugari ditu parkourrak, eta mugimendu horien aldaerak ere zenbatu
ezinak dira. Hasi berriek Interneten erraz aurki dezakete mugimendu horien
guztien inguruko informazioa. Askotan, doitasun jauzi batek baino arreta
gehiago pizten du itzulipurdi batek jendearengan, baina Danik eta Jonanek
aipatu digutenez, askotan zailagoak izaten dira hain ikusgarriak ez diren
mugimenduak: "Jauzi bat 10 zentimetro luzeago egin nahi badugu, agian
urtebetez aritu behar dugu entrenatzen", diosku Danik.
Parkourra ezagutzen ez dutenen ustez, jarduera ikusgarria ez ezik, arriskutsua
ere bada, ziurrenik, parkourrari buruzko irudi asko teilatuetan jauzika
ibiltzen diren traceur-enak izaten direlako. "Barrutik ikusten duguna
eta kanpotik ikusten dutena guztiz ezberdina da. Gu saiatzen gara arriskurik
ez hartzen, eta horretarako entrenatzen gara", dio Danik. Oztopoa
ikusi, egin beharreko jauzia ondo neurtu -pausoka neurtu ohi dute saltoen
luzera-, jarraitu beharreko urratsak ondo aztertu… eta neurri guztiak
hartuta, egin beharreko mugimendua lortu arte saiatu eta saiatu, inolako
presarik gabe. Dani eta Jonan ez dira altuera handiko jauziak egiteko
zale, "hori ez da gure helburua. Altuera ez da garrantzitsuena, distantzia
baizik". Hala ere, argi utzi digute altuera handiko jauzien atzean
gehiegizko ausardia baino, sekulako prestakuntza dagoela, eta oso ondo
neurtutako saltoak izaten direla. Finean, neurria eta sen ona6 beharrezko
bidelagun ditu traceur-ak, jausi7 barik jauzi egiteko.
Sarean jauzika
Internetek bultzada handia eman dio parkourrari. Bideoak ikusgai jartzeko,
informazioa eskuragarri paratzeko eta parkour zaleek elkarren berri izateko
ez ezik, harremanak sortzeko berebiziko garrantzia du sareen sareak. Foroen
bitartez jartzen dira harremanetan bai traceur-ak, baita parkourrean sakondu
nahi duten hasiberriak ere. "Ni, adibidez, Madrilera, Malagara,…
joan naiz entrenatzera, foroetan eginiko harremanei esker", kontatu
digu Jonanek. Danik dioenez, parkour zaleak elkarrekin harremanetan jartzen
direnean, "kasuen
% 90ean Interneti esker izaten da, eta
% 10ean ahoz ahoko informazioari esker". Ondotxo daki Danik sarearen
indarra handia dela. Berak sortu zuen parkourrari buruzko gaztelaniazko
lehen web-gunea, egun ere erreferentziazkoa dena: www.umparkour.com.
Duela gutxi, berriz, Parkour Euskadi izenburupean euskarazko orriak paratu
dituzte, Euskal Herriko zaleak gerturatzeko asmoz: ww.umparkour.com/euskadi/euskara/berriak.html.
iturburu: aizu!
--
dani sampayo [draug] - draug@umparkour.com
parkour euskadi