Parkour Euskadi

Web de desarrollo del Parkour en Euskadi

Novedades

Lo último de la escena parkour vasco.

Saltoka, saltoka

Lasterka eta jauzika batetik bestera azkar eta zoli mugitzen dira, aurrean topatzen dituzten oztopoak iaiotasunez gaindituz. Ez dabiltza inorengandik ihesi, ezta inoren segika ere. Parkour zaleak dira, mugimenduaren artistak. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Hormak, hesiak, eserlekuak… oinezko arruntontzat hiriko altzari eta elementu soilak dira. Traceur izenekoen begietara, ordea, makina bat aukera eskaintzen duten baliabideak dira: jauzika gainditzeko edo saltoren bat egiteko abiapuntua, oztoporen bat gainditzeko heldulekua... Parkour ("ibilbide", frantsesez) egiten dutenak dira traceur-ak ("trazatzaile", frantsesez), "mugimenduaren artea" praktikatzen dutenak. Wikipediari erreparatuz gero, honako definizio hau topatuko dugu: "hiri edo natur ingurunean mugitzean datzan diziplina da parkourra, soilik giza gorputzak eskaintzen dituen aukerekin bidean ager daitezkeen oztopoak (hesiak, hormak, hutsuneak…) gainditzea bilatzen duena". Definizio zabalduagoak ere badira, ordea. Dani Sampayo (1982, Irun) traceur-aren web-gunean irakur dezakegunez, "A puntutik B puntura ahal den modurik azkarren, arinen eta teknikoenean joaten saiatzen da parkourra". Norberak erabakitzen ditu abiapuntu eta helmugak, oztopoz beteriko ibilbide luzeak izan nahiz doitasun jauziak izan. Hartara, kiroltzat baino filosofiatzat hartzen dute askok. Dani Sampayok berak azaldu digunez, "filosofia bat eta errutina bat dituen kirola da parkourra". Batzuentzat zaletasuna eta besteentzat bizitza filosofia, baina norberaren bidea bilatzeko jarduna beti ere. Errutinatik ihesi, inork aldez aurretik ezarritako bideak saihesteko praktika. Gainera, ez du araurik, hiru salbu: ez duzu jendea gogaituko, ingurunea -hirikoa zein naturakoa- errespetatuko duzu, eta ez zara inorekin lehiatuko.
80ko hamarkadatik


Lisses (Frantzia) hiriko gazte bik, David Bellek eta Sebastian Foucanek, sortu zuten parkourra 80ko hamarkadaren hasieran. Militar eta suhiltzailea zen Bellen aita, eta Georges Hèberten Metodo Naturala delakoa erakutsi zion semeari. Metodo hau, finean, soilik gorputza erabilita oztopo naturalak gainditzea helburu duen diziplina da, eta armadan erabiltzen zuten. Bellek hirigunera moldatu zituen irakaspen haiek, eta Sebastian Foucanekin batera garatuta, parkourra sortu zuen. Dena dela, batez ere Yamakasi. Les samouraïs des temps modernes (Luc Besson, 2001) filmak ezagutarazi zuen munduan parkourra. Bertan, Yamakasi izeneko taldearen jauzi eta mugimendu ikusgarriak bildu zituen Bessonek. Berez, Yamakasi taldeak jauzi eta mugimenduen ikusgarritasunari ematen dio garrantzia, eta ondorioz, parkourraren jarraitzaile sutsuenek ez dute parkourtzat hartzen. Izan ere, parkourrak funtzionaltasuna hobesten du ikusgarritasunaren aldean. Danik dioenez, "indarra, potentzia eta teknika lantzen ditugunean, mugimendua estetikoa izan dadila ere bilatzen dugu, baina beti ere mugimendu arina, erabilgarria eta eraginkorra bilatuz, noski".


Parkourraren nondik norakoak hobeto ezagutzeko, bi traceur-ekin egin dugu hitzordua: Dani Sampayorekin eta Jonan Nietorekin (Donostia, 1981). Jonanek bi urte luze daramatza parkour egiten. Bere aldean, Dani beteranoa dugu, 2004an hasi baitzen, Yamakasi filmari esker, eta Euskal Herrian diziplina honen aitzindaritzat har dezakegu. Yamakasi ikusi, Interneten Frantziako web-guneetan arakatu, informazioa bildu eta pixkanaka ezagutza eta praktika garatzen joan zen. Egun, ezaguna da parkourraren munduan, eta parkour egitetik bizi ez bada ere, lantzean behin sos batzuk irabazteko eta munduan zehar bidaiatuz hainbat eta hainbat traceur-ekin entrenatzeko balio izan dio bere esperientziak. Nazioarteko erakustaldietan parte hartu izan du, baita zenbait iragarkiren grabaketan ere. Izan ere, eskarmentudun traceur-ak oso estimatuak dira espezialista moduan, iragarkiak nahiz filmak grabatzeko.
Gurean gutxi
Euskal Herrian oraino ez da asko zabaldu parkourra. Nazioartean, Frantzian indar handia du, baina beste hainbat herrialdetan ere indartu da: Erresuma Batuan, Finlandian, Errusian, Espainian… Euskal Herrian ez dira asko parkour egiten dutenak: "Hamar bat-edo izango dira normalki entrenatzen dutenak; guk ezagutzen ditugunak, behintzat. Jende gehiago badago, 14-15 urteko gazteak, baina horiek gehiago zaletasun moduan praktikatzen dute, ez diziplina moduan". Hori ez da Daniren eta Jonanen kasua. Ia 20 bat ordu erabiltzen dute astean entrenamenduetarako. "Asko dirudien arren, ez da hala. Lesio batetik irteten ari naiz -belaunean ebakuntza egin zioten duela gutxi, belaunburuan lesioa izan zuelako-, eta maila berreskuratzen ari naiz", azaldu digu Danik. Astegunetan bakoitzak bere aldetik entrenatzen du, eta asteburuetan, ordea, batera ibiltzen dira Irungo Bentak auzoan. Jende gehiagorekin entrenatzea ohikoa da parkourrean. Daniren ustez, "adiskidetasuna sustatzen du", besteak beste, entrenamenduetan askotan laguntza behar izaten delako, batez ere mugimendu batzuk lantzean. Horrez gain, kontuan hartu behar da ez dagoela parkourra arautzen duen inolako nazioarteko erakunderik edo eskola zehatzik, eta horrenbestez, bakoitzak bere estiloa garatzen duela: “Parkourra desberdina da leku bakoitzean”. Ondorioz, batzuek besteengandik ikasteko joera handia da.
Praktika zorrotza da parkourra, prestakuntza mental eta fisiko ona eskatzen duena. Mentala, jauziak egiteko norberaren beldurrak gainditzea beharrezkoa delako. Fisikoa, aldiz, jauziak eta bestelako mugimenduak egiten ibiltzeko derrigorrezkoa delako baldintza fisiko onak izatea. Hainbat kiroletako ezaugarriak batzen ditu parkourrak, eta asko dira bertan landu beharreko gaitasunak. Azkenean, gorputz guztia erabiltzen dute. Jonanek dioenez, "lasterka egin, kulunkatu, eskalatu, oztopoak pultsuan igo… denetarik egiten dugu".


Teknika lantzen
Alderdi fisikoa bezain garrantzitsua da teknikoa, jauziak ondo egiten, ondo erortzen, gorputza behar bezala baliatzen… jakin behar delako, kolpe eta lesioak saiheste aldera. Hala, mugimenduak errepikatu eta errepikatu aritzen dira entrenamenduetan, nahi dutena lortu arte. Beti dago zer ikasi. Mugimendu ugari ditu parkourrak, eta mugimendu horien aldaerak ere zenbatu ezinak dira. Hasi berriek Interneten erraz aurki dezakete mugimendu horien guztien inguruko informazioa. Askotan, doitasun jauzi batek baino arreta gehiago pizten du itzulipurdi batek jendearengan, baina Danik eta Jonanek aipatu digutenez, askotan zailagoak izaten dira hain ikusgarriak ez diren mugimenduak: "Jauzi bat 10 zentimetro luzeago egin nahi badugu, agian urtebetez aritu behar dugu entrenatzen", diosku Danik.
Parkourra ezagutzen ez dutenen ustez, jarduera ikusgarria ez ezik, arriskutsua ere bada, ziurrenik, parkourrari buruzko irudi asko teilatuetan jauzika ibiltzen diren traceur-enak izaten direlako. "Barrutik ikusten duguna eta kanpotik ikusten dutena guztiz ezberdina da. Gu saiatzen gara arriskurik ez hartzen, eta horretarako entrenatzen gara", dio Danik. Oztopoa ikusi, egin beharreko jauzia ondo neurtu -pausoka neurtu ohi dute saltoen luzera-, jarraitu beharreko urratsak ondo aztertu… eta neurri guztiak hartuta, egin beharreko mugimendua lortu arte saiatu eta saiatu, inolako presarik gabe. Dani eta Jonan ez dira altuera handiko jauziak egiteko zale, "hori ez da gure helburua. Altuera ez da garrantzitsuena, distantzia baizik". Hala ere, argi utzi digute altuera handiko jauzien atzean gehiegizko ausardia baino, sekulako prestakuntza dagoela, eta oso ondo neurtutako saltoak izaten direla. Finean, neurria eta sen ona6 beharrezko bidelagun ditu traceur-ak, jausi7 barik jauzi egiteko.

Sarean jauzika
Internetek bultzada handia eman dio parkourrari. Bideoak ikusgai jartzeko, informazioa eskuragarri paratzeko eta parkour zaleek elkarren berri izateko ez ezik, harremanak sortzeko berebiziko garrantzia du sareen sareak. Foroen bitartez jartzen dira harremanetan bai traceur-ak, baita parkourrean sakondu nahi duten hasiberriak ere. "Ni, adibidez, Madrilera, Malagara,… joan naiz entrenatzera, foroetan eginiko harremanei esker", kontatu digu Jonanek. Danik dioenez, parkour zaleak elkarrekin harremanetan jartzen direnean, "kasuen
% 90ean Interneti esker izaten da, eta
% 10ean ahoz ahoko informazioari esker". Ondotxo daki Danik sarearen indarra handia dela. Berak sortu zuen parkourrari buruzko gaztelaniazko lehen web-gunea, egun ere erreferentziazkoa dena: www.umparkour.com. Duela gutxi, berriz, Parkour Euskadi izenburupean euskarazko orriak paratu dituzte, Euskal Herriko zaleak gerturatzeko asmoz: ww.umparkour.com/euskadi/euskara/berriak.html.

 

fuente: aizu!


--
dani sampayo [draug] - draug@umparkour.com
parkour euskadi